Kultur Errota - Juan Mari Beltran

Juan Mari Beltran

Juan Mari Beltran euskal herriko musika ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetakoa dugu.

Musika munduan gaztetatik ibilia, klarinetea eta txistua jotzen hasieran eta aurreko belaunaldiko herri musikaren testigua hartuta ondoren. Txalapartari gisa Bixentek anaiarekin eta Artze anaiekin parte hartu zuen Jorge Oteizak 60.hamarkadan sortutako artearen euskal eskolan, tradizioan oinarritutako txalapartaren aro berriari hasiera emanez.

Rafael Ruiz Balerdi pintoreak sortutako Musika Garaikideko taldeetan parte hartu izan du, eta Sustraiak, Azala eta Txanbela taldeak sortu ditu. Joxan Goikoetxearekin ere bikote artistikoa osatu du.

Herri musika eta instrumentuen ikerketa arloan lan asko argitaratu ditu; besteak beste, Euskal Herriko Soinu Tresnak pelikula eta diskoa. 1985. urtetik txistu, alboka, dultzaina eta txalaparta klaseak ematen ditu Hernaniko Musika Eskolan, eta bertako Txalaparta Eskolaren sortzaile eta zuzendari ere bada.

1996an, Herri Musikaren Txokoa ireki zuen Oiartzunen. Bertan daude ikusgai urte askotan zehar bildutako materiala: instrumentuak, liburutegia, fonoteka, irudi fitxategiak, argazkiak eta filmak.

ARDITURRI lana argitaratu zuen 2001ean bakarlari bezala; ORHIKO XORIAk lanarekin eman zion jarraipena 2006an. TXALAPARTA (2009) argitaratu zuen ondoren, musika molde honetako jakituria osoaren oinarriak finkatzen dituen ikerketa lanaren fruitua, alegia. Lana Ttakun Ttan Ttakun izeneko emanaldian eraman zen agertokietara.

Juan Mari Beltran eta bere taldeak magiaz beteriko ibilbidea proposatzen dute, gure aiton-amonen lan-erritmotik gaur egun ezagutzen dugun txalaparta musikara eramaten gaituena. Gure kultura gozatzen ikasteko bidaia liluragarria benetan.

KULTUR PROPOSAMENAK

kontzertua: Kostaldeko soinuak

Mus. Tradizionala